Museoen Nazioarteko Eguna
International Council of Museums Nafarroako Gobernua

Kultura Zuzendaritza Nagusiak kanpaina bat diseinatu du Nafarroako museoak sustatzeko

2022/04/29

COVID-19aren pandemiak kulturaren sektorean izan duen eragin handiaren ondoren, Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuak gogoeta bat planteatu du museoek eta horiei lotutako profesionalek gaur egun gizartean duten zereginari buruz. 

Testuinguru horretan sortu zen alderdietako bat da herritarrek neurri batean bakarrik ezagutzen dituztela ondare zentro horiek, eta horietara doazela turismo edo hezkuntza arloko bisita baten barruan.  Hala ere, museoak aisialdi kulturalaren eskaintzaren zati bat ez ezik, profesional oso adituen lanaren bitartez kultura ondarea zaintzen, tratatzen eta hedatzen duten zentroak ere badira. Profesional horien lana eta dedikazioa berme bat dira gizarte osoarena den ondare hori eskuratu eta transmititzeko.

Horren inguruan arreta erakartzeko, Museoen Zerbitzuak ikusgarritasun eta sentsibilizazio kanpaina bat diseinatu du, eta horren ideia nagusia da pertsona guztiei jakinaraztea museoen eta gizartearen arteko baterako lana eta erantzukizuna dela partekatutako aberastasun hori balioetsi, zaindu eta transmititzea. Halaber, nabarmendu nahi dira zentro horietan lan egiten duten profesionalek egindako lan garrantzitsua eta haien zerbitzuko bokazioa. Era berean, agerian utzi nahi da Foru Komunitateko museoen sektoreak lurraldeko enpleguaren sustatzaile gisa eta kulturatik abiatuta gizartea eta lurraldea dinamizatzeko faktore gisa egiten duen ekarpena.

Kanpaina maiatzaren 6tik 20ra bitartean eginen da, eta Museoen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunak eta jarduera bereziak garatuko dira horren barnean. Museoen Nazioarteko Eguna Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) sortu zuen 1977an, eta 2022rako hauxe du goiburu: “Museoen boterea”, zeina gurera ekarri baitugu, honela: “Museoen boterea Nafarroan”.

Maiatzaren 18an ospatzen da urtero Museoen Nazioarteko Eguna (MNE), eta egun hori ezarri zen museoek kultura trukatzeko eta aberasteko duten eginkizunaz kontzientziatzeko, bai eta herrien arteko elkar ulertzeko, lankidetzan aritzeko eta bakea lortzeko ere. Urtero, ospakizunak lelo batean jasotzen du landu beharreko gaia. 2022an nabarmendu nahi da museoek inguratzen gaituen mundua eraldatzeko ahalmena dutela. Deskubrimendu leku diren aldetik, gure iragana erakusten digute, eta gure burua zabaltzen dute ideia berrietara.

Museoek beren komunitateetan aldaketa positiboa eragiteko duten ahalmena hiru ardatzen inguruan egituratzen da:

• Museoek jasangarritasunean duten gaitasuna, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak ezartzeko eragile estrategikoak baitira.

• Berrikuntzak digitalizazioan eta eskuragarritasunean duen gaitasuna; izan ere, horren ondorioz, museoak eskuragarriagoak eta erakargarriagoak izan daitezke, publikoari laguntzen baitzaio horrela, kontzeptu konplexuak eta ñabartuak ulertzen.

• Komunitatea hezkuntzaren bidez eraikitzeko gaitasuna, balio demokratikoak defendatzen baitira eta pertsona guztiei etengabeko ikaskuntzarako aukerak eskaintzen baitzaizkie, gizarte zibil informatua eta konprometitua eratzen laguntzeko.

 

Sentsibilizazio kanpainari begira, ikus-entzunezko eduki espezifiko batzuk sortu dira: iragarki bat eta Iñaki Alforja Sagonek egindako hamabost bideo-klip. Eduki horiek zinema aretoetan, telebistan, sare sozialetan eta prentsa digitalean hedatuko dira. Ikus-entzunezko kanpaina maiatzaren 6tik 20ra bitartekoa izanen da.

 

Gainera, mikro webgune bat sortu da (http://museosnavarra.es eta https:// nafarroakomuseoak.eus) https://www.culturanavarra.es/eu webgunearen barnean. Mikro webgune horretan, agenda bat agertuko da, museoek Museoen Europako Gauaren (maiatzak 14) eta 2022ko Museoen Nazioarteko Egunaren (maiatzak 18) inguruan programatutako jarduerei buruzko informazio osoa eta eguneratua izanen duena. Halaber, webgune horretan Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroa osatzen duten zentro guztien datu interesgarriak eskuratu daitezke, eta ikusgai egonen dira kanpaina honetarako egindako ikus-entzunezko edukiak.

Bestalde, Aste Santutik, Museoen Zerbitzuak kontratua egin du Erregistroko museoak Nafarroako kultura turismoa sustatzeko hainbat kanpainatan ager daitezen. Arlo horretan, nabarmendu behar da Etxalar Marketing Turístico enpresak diseinatutako “Atrapa el Norte” kanpainan Nafarroako museoei eskainitako espazio bat txertatzearen alde egindako apustua (https://www.atrapaelnorte.com/eu/hasiera/). Informazioa bitara eskuratu daiteke: alde batetik, kanpainaren orrian bertan; eta, beste aldetik, lurraldeko interes turistikoko hainbat puntutan kokatutako totemetan integratutako QR kodeen bidez. Kanpaina hau 2022. urte osoan barna luzatuko da.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak kanpaina bat diseinatu du Nafarroako museoak sustatzeko
MNE

Zerrendara itzuli

Bilatzailea